2011-07-28

HISTORIA (VII): 420. urte inguruan

420. urte inguruko Hispania-ko garagardoari buruzko lehen erreferentziak existitzen dira. Paulo Orosio apezpikuak hurrengo hau idatzi zuen bere Iberiar Penintsulako Historia liburuan, erromatarrek Numantzian eginiko setioari buruz: "Setiatuek azkenean irteera bat egin zuten gariaz eginiko edari bat kantitate handietan edan ondoren. Edari belar batzuekin batera egosia zen, gari aleak busti eta lehortzen utzi ondoren".

Aurreko atala:
IV. mendea

2011-07-27

LUPULU MOTAK: SAAZ lupulua

Aurreko atal batean aurkeztu genuen iada lupulua. Mota desberdinak daudela komentatu zen, garratztasuna gehienbat ekartzen duten lupuluak, lupulu usaintsuak eta bien arteko lupuluak. Talde bakoitzaren barnean barietate ugari dago, eta gaurkoan SAAZ lupulua aurkeztuz hasiko gara.

Saaz lupulu hosto eta konoa


Jatorria:Lupulu mota honek Txekiar Errepublikan du jatorria eta bere aromen kalitate altua dela eta da ezaguna.

Mota:  Lupulu usaintsua.

Erabilera/kalitatea: Orain arte, Europan oineko hartziduraz ekoizturiko garagardoei bere usain bereziak emateko erabilia.

Ezaugarriak: Lur usain atsegina ematen dio garagardoari.

2011-07-26

EDALONTZIAK (II): Pilsner edalontzia

Pilsner edalontzia garagardo argi mota askotarako erabiltzen den edalontzi bat da, nahiz eta, izenak berak dioen moduan, Pilsner garagardoa edateko espreski egina izan. Edalontzi hauek 25 cl. edo 33 cl.-ko bolumena izaten dute, edalontzi altuak, finak eta estuak izanik.

Pilsner edalontzia
Batzutan gertatu ohi da, garizko garagardo edalontziak Pilsner edalontziekin nahastea, baina benetako Pilsner edalontzi batek kurbatura gabeko gainkalde estua du. Edalontzi hauek kolorea, gardentasuna eta eferbeszentzia ahalik eta hoberen ikusteko eginak dira, apar "buru" erakargarria mantentzeaz gain.

2011-07-22

GARAGARDOA DESKRIBATZEN: KOLOREA (EBC)

Garagardoei buruz hitz egiten dugunean, hauen kolorea oso ezaugarri garrantzitsua da. Kolore desberdineko garagardo ugari dago, garagardo oso argi eta horixkak, gorriak, beltzak etab.

Europan, garagardo batek duen kolorea neurtzeko erabiltzen den unitatea EBC-a da. Kolore argienak EBC gutxi edukiz, eta balio hau kolorearen iluntasunarekin batera handituz.

Kolorea neurtzeko erreferentzi taula

Sigla hauek "European Brewery Convention" izenean dute jatorria, garagardo eta malta ekoizleen garapenerako erakundearen izenean hain zuzen ere.

Estatu Batuetan SRC unitatea erabiltzen dute (Standard Reference Method), bien arteko konbertsioa hurrengoa izanik:

                                                               EBC = 2.65 SRM – 1.2        
                                                               SRM = 0.377 EBC + 0.45

2011-07-21

CHIMAY GORRIA: GARAGARDO TRAPISTA

Iada aurkeztu ditugu garagardo trapisten ezaugarri nagusiak, baina oraindik ez dugu bakarka talde honetako garagardorik ikusi. Chimay garagardo gorria 1863an Notre-Dame de Scourmont-eko abadian ekoiztu zuten lehenengo garagardoa da.Gaur egungo errezeta bertako abadiako Théodore-k sortua da, bigarren mundu gerra ondoren, garagardo fabrika konpondu eta gero. 

Jatorria: Baileux, Chimay (Belgika)

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura 

Malta: Garagar malta eta garia (malteatu gabekoa) eta azukrea ere erabiltzen dira azukre iturri gisa.

Lupulua: Bi lupulu mota erabiltzen dituzte, Galena amerikarra garratztasuna emateko eta Hallertauer alemaniarra usain bereizgarria emateko.

Kolorea: 45 EBC, Kobre-gorri kolorea.

Alkohol edukia:  % 7 bolumenean.


 Garagardo honetan, hartziduran prozesua dela eta abrikota* usainak nabari daitezke. Garagardo hau edateko tenperatura gomendagarria 10-12 ºC bitartekoa da.  


*albaricoque

2011-07-19

GARAGARDOA OTORDUETAN: Janari japoniarra eta garagardoa

Arrain gordina duten janari japoniarrak oso egokiak dira (sushia, sashimia...) garagardoarekin batera jateko. Hau, janari mota hauen saltsengatik da, soia saltsa eta wasabi pikantea adibidez.

Sushia
Arrazoi berberagatik, txinatar eran eginiko soja saltsadun arrainari (Erreboiloa*, oilarra...) primeran datorkio garagardo bat.


*Rodaballo


Aurreko ataletan:
Arraina eta garagardoa
Txerri haragia eta garagardoa
Arkumea eta garagardoa
Garagardoa eta haragia

2011-07-18

SAILKAPENA: MUNICH GARAGARDOAK - Münchner Dunkel

 "Dunkel" hitz alemanak iluna esan nahi du. Munich-eko garagardo tipikoa da eta II. mundu gerrararte egunero edaten zen gargardoa. 

Beheko datuetan ikusi daitekeen bezala, Lager normalak baino potenteagoak dira. 

 

Hartzidura mota: Oineko hartzidura

Jatorrizko dentsitatea: 11,8 -13

Malta: Pilsen malta % handiena, munich malta, eta beste malta mota batzuk ehuneko txikian erabili ahal izanik.

Kolorea: 30 -40 EBC, kolore gorri-marroixka eta marroi ilunaren artekoa, munich malta dela eta.

Alkohol edukia: % 5 - 5,5 inguruan.

Garratztasuna: 18-20 EBC tartean dabil, garratztasun gutxiko garagardoa izanik.

Beheko argazkietan ikusi daitezkeen Augustiner Dunkel eta Calvin's Tostada garagardoak dira estilo honetako bi adibide. 

Augustiner Dunkel

Calvin's Tostada







2011-07-15

HISTORIA (VI): IV. mendea

300. urtekoak dira garagardoaz dauden aztarna zaharrenak. 1911. urtean aurkitu zen lokatzezko pitxar bat Alzey izeneko Alemaniako herri batean, barnean marroi koloreko sustantzia bat zuen. Sustantzia hori zer zen ikertu eta garagardoa zela konturatu ziren. 

IV. mendean eman zen inperio erromatarraren bukaera eta barbaroen inbasioa. Erdia aroaren hasiera ematen da garai honetan (Carlomagno, Bizancio, galiarrak, bisigodoak, arabiarrak...).


Aurreko atala:
I. mendea

2011-07-14

GARAGARDOAREKIN SUKALDEAN: Oilaskoa garagardoarekin

Oilaskoa garagardoarekin egitea oso hedatua dago, eta agian zuetako askok iada prestatua izango duzue noizbait. Hona hemen luzatzen dizuedan proposamenta:

Zailtasuna: Ertaina

Osagaiak (4 pertsonentzako): 

   - 25 gr. gurin.
   - 2 Goilarakada oliba olio.
   - Tipula bat.
   - 8 zatitan moztutako 2 kg-tako oilaskoa .
   - Ginebra txorrotada bat.
   - 200 gr. perretxiko.
   - Irin goilarakada bat.
   -Westmalle Trippel (Garagardo trapista)
   - 5 cl. nata likidoa.
   - Txiki txiki eginiko perrexila.

Prestatzeko behar den denbora: 60 minutu inguru 


Prestaketa:


Olioa gurinarekin berotuko dugu lehendabizi lapiko batean. Tipula zati txikitan moztu eta bertara botako dugu, behin kolorea hartutakoan espumadera baten bitartez bertatik ateraz.  Oilasko zatiak ere lapiko honetan frijituko ditugu; ondoren sua pixka bat jeitsiko dugu eta ginebra txorrotada batekin flameatuko dugu.
Irina oilasko zatien gainean gehitu eta egosten pare bat minutu gehiago utziko da, nahasten aldi berean.
Ondoren, tipula zatiak gehituko ditugu berriz, perretxiku, garagardo, gatza eta piper- beltzarekin batera. Egosi egingo dugu gero, lapikoa estaliz, hiru ordu laurden inguru, oilaskoa xamurra egon arte.
Gehiegizko koipea kenduko dugu, eta nata gehituko zaio. Berriz egosiko dugu eta gatz eta piper beltza gehitu. Perrexila gehituz zerbitzatuko dugu.



Aurreko errezetak:
Krepak
Legatz solomoa garagardoarekin
Txahalki albondigak Franziskaner...
Perretxikoak

2011-07-12

APARRA

Gaur aparraren inguruan jardutea gustatuko litzaidake. Argi dago denok dakigula zer den aparra, baina agian ez da hain jakina izango nola sortzen den hau eta zein faktorek duten eragina garagardo batek duen aparra sortzeko eta mantentzeko gaitasunean.

Garagardoa edalontzi batean botatzean, garagardoak duen CO2-aren zati batek garagardotik ihes egiten saiatzean sortzen da aparra. Ihes egiten duen CO2 honek, garagardoak dituen sustantzia batzuekin (proteinak,garratztasun sustantziak...)  egiten du topo, partzialki ihes egiten eragotziz eta burbuila txikiak sortuz.


Azken finean, sustantzia hauek azaleko tentsioa txikitzen dute, burbuilak inguratzen dituzten estrukturak sortuz.

Aparrak ez du garrantzia berbera garagardo mota desberdinetan, batzuetan oso garrantzitsua den bitartean, beste talde batzuetan ez da hainbeste. Berdin gertatzen da herrialdeka, herrialde batzuetan garrantzi handia ematen zaio garagardoak apar ugari eta egonkorra sortzeari, beste herrialde batzuetan ordea nahiago dute aparrik gabeko garagardoa.

Aparra sortzeko ahalmena eta apar honen egonkortasuna, ekoizpen prozesuaren araberakoa eta prozesuan erabili diren lehengaien araberakoa da.

Edalontzi batean egon daitekeen detergente hondarrak, koipeak, edo hautsak oso kaltegarriak dira aparrarentzat. Era berean, garagardoa edatean gure ezpainetan koiperik badugu, aparra desegin egingo da koipearekin kontaktuan jartzean.

Garagardo industrial enpresa askok E-405 gehigarria erabiltzen dute, apar egonkortzailea.

Garagardo natural batean ez da horrelako gehigarririk erabiltzen.

2011-07-08

GARAGARDOA EKOIZTEN: Iragazpena

Garagardo ekoizpen prozesuan, beratze prozesuaren ondoren iragazpena dator. Etapa honen helburua maltaren zati solidoak likidotik bereiztea da, ahalik eta gardenena den muztio bat lortuz.



Iragazpenak 90-120 minutu inguru irauten ditu normalean. Bi iragazpen mota bereiz ditzakegu, eta garagardo fabrika bakoitzaren aukerapean dago teknologia bat edo beste erabiltzea:

 1.- Iragazpen kupela



 2.- Prentsa filtroa



Hurrengo ataletan iragazpen mota bakoitzean gehiago murgilduko gara.

2011-07-06

EDALONTZIAK (I): Garizko garagardo edalontzia

Edalontzi mota hau, izenak dioen moduan, garizko garagardoak edateko erabiltzen da. Oso ezaguna da eta garizko edalontzi alemaniarrak 0,5 litrotakoak izan ohi dira, Belgikakoak 0,25 edo 0,33 litrotakoak izanik. Edalontzi hauen goiko aldeak aparra mantentzeko toki handia dute.



Edalontzi honen goiko irikierak ez du aparra mantentzeko funtzioa bakarrik betetzen, garagardo mota honen usain bereizgarriak hobeto usaintzea ere baimentzen du.

Edalontziaren formak, estetikoki ere oso erakargarria egiten du.

Hurrengoa:
Pilsner edalontzia

2011-07-04

SAILKAPENA: GARAGARDO TRAPISTAK (II. atala)

Garagardo trapisten taldea iada duela astebete  aurkeztu genuen, orduan, garagardo trapistek logo bereizgarri bat dutela komentatu genuen. Logo hau edukitzeak, produktuak "International Trappist Association" erakundean ezarritako ezaugarri batzu betetzen dituela adierazten du:

  - Produktua trapisten monasterio barnean ekoiztutakoa izan behar da.

  - Produktuaren ekoizpen prozesua monasterioko monjeen kontrolpean ekoiztua izan behar da.

  - Produktuaren salmentaz lortutako etekina, ekintza sozialetara zuzenduko da.

Trapista bezala identifikatzen duen logoa

Jatorri desberdineko almidoi eta azukre desberdinak erabiltzea baimendua dute.


Garagardo trapistak (I. atala)

2011-07-02

AZKOITIKO III. GARAGARDO AZOKA

Azkoitian garagardo azoka antolatu dute Iraurgi saskibaloi taldekoek. Garagardo festa hau Ekainaren 30-etik Uztailaren 2-rarte izango da, garagardo mota desberdinak dastatzeko aukera izanik.

Lekua: Azkoitiko plaza

Gaurko ordutegia: 14.30- 02.00



Garagardo desberdinak dastatzeaz gain, gaur arratsalderako Mus txapelketa bat antolatu da. Sariak honakoak dira:

1. 400€ + Afaria + Txapela
2. 200€ + Afaria
3. 100€ + Afaria
4. Afaria

Mus tapelketako izen ematea: 20 euro bikoteko.

2011-07-01

GARAGARDOA OTORDUETAN: Arraina eta garagardoa (I)

Azkeneko "Garagardoa otorduetan" atalean, txerri haragiak eta garagardoak ematen dituen aukerei buruz hitz egin zen. Oraingo honetan, arrain mota desberdinek garagardoarekin duten egokitasunaz arituko gara.

Lehenik eta behin, zein arrain mota dugun desberdindu beharko dugu, hau da, arrain urdina edo zuria den. Lehenengo taldea ( atuna, sardina,antxoa, sardinzar, izokina, aingira, txitxarro arrunta...) bestea baino koipetsuagoa da, %5 baino gehiago izanik koipe edukia. Arrain zurien kasuan (bakailaoa, erreboiloa, paneka handia, itsas aingira, krabarroka, legatza... ) koipe kopurua %2 ingurukoa da. Ezaugarri hau da arrain mota bat garagardoarekin  batera jatea gomendagarri egiten duena edo ez hainbeste.


Arrain urdinak duen koipe kopuru altuagoa eta zapore indartsuagoak direla eta, ahoa garbitzen laguntzen duten garagardo freskagarriak izango dira egokienak, pertsonalki, Warsteiner garagardo alemaniarra edo Krombacher garagardoa dira gustuko aukerak.

Arrain zuria garagardo batekin edatea ez litzateke hain egokia izango, garagardoak duen garratztasunak arrain zuri batzuen zapore suabea neutralizatu dezake eta.  Hala ere, otorduetan garagardoa edatera ohiturik bazaudete, eta horrela egin nahi baduzue, garratztasun gutxiko garagardo bat aukeratu.

 Aurreko ataletan: