2011-10-31

EDALONTZIAK (VI): Snifter edalontzia

Snifter edalontzia koñac eta brandy edarietan erabili ohi den edalontzia da, baino garagardo mota batzuentzat ere oso aproposa izaten da.

Snifter edalontzia

 Bere egiturak garagardo oso usaintsuen aroma oso iheskorrak gordetzen laguntzen du, Belgikako Ale garagardoen eta Indian Pale Ale garagardoen kasuan bezala adibidez. Barleywine eta Wheat wine bezala ezagutzen diren garagardoak edateko ere oso aproposa da edalontzi mota hau.

Usainak bertan harrapatzeaz gain, egitura honek edaria erraz mugitzeko aukera ematen du, usain biziak sortuz.



Ikusi ditugun beste edalontzi batzuk:
Willybecher edalontzia
Nonick Imperial pint edalontzia
Tulipa edalontzia
Pilsner edalontzia 
Garizko garagardo edalontzia

2011-10-28

BITXIKERIAK: Itxuraren garrantzia

Erresuma Batuan garagardo kontsumitzaile nagusiak gizonezkoak dira. "Daily Telegraph"-en datuen arabera, 2005. urtean tabernetan emakumezkoen %36-ak ardoa edaten zuen, garagardoa edaten zutenak aldiz %14 bakarrik izanik. Datu hauetan oinarrituz, inkesta bat egin zen emakumezkoen artean. Inkesta honetan, zergaitik ez zuten garagardoa edaten galdetu zitzaien emakumeei.

Gehien errepikatu zen erantzuna hurrengoa izan zen: Garagardoa edateko eskaintzen ziren edalontziak (pintak) ez zirela batere "femeninoak" eta askotan "lotsatuta" sentitzen zirela hain edalontzi handietan garagardoa edaten zioen emakume askok.

Hau ikusita, Erresuma Batuetako taberna askotan edalontzi berri bat eskaintzen dute garagardoa edateko, "Beautiful glass" izenekoa. Aldaketa txiki honek, garagardo salmentak nabarmenki haunditu omen ditu emakumeen artean.

Beautiful Glass izeneko edalontzi berria

2011-10-27

JAZPANA FEST

Hementxe dugu iada 3. urtez Jazpana Fest jaialdia!! Urriaren 28an hasi eta hilaren 31rarte iraungo duen jaialdi oso erakargarria, musika kontzertuez gain, ekintza ugari antolatzen baitira (Skate, 3x3 saskibaloia, guitar hero, argazki rally-a, film laburren emanaldia eta jazpanaokea!).

Beasainen izango da jaialdi hau eta musika taldeei buruzko informazioa zein ordutegiei buruzko informazioa aurkitu nahi izan ezkero, beraien web orria kontsulta dezakezue (Jazpana-ren Web orria).


Beno, blog hau garagardoari buruzkoa denez, jaialdi honetan edango den garagardoari buruz hitz egingo dut:

Jaialdirako aukeratu duten garagardoa KELER garagardoa da.

  - 6 Kañero izango dira guztira, 4 barra handian eta 2 afaltzeko tokian.
  - Kaña eta katxiak edateko aukera izango da, 2 euro eta 7 eurotan.

KELER garagardoa hitz gutxitan:

1890. urtean sortu zuten Kutz anaiek (Alemaniarrak) marka hau Donostian. Garai hartan El León izeneko fabrikan ekoizten zen, oraingo keler-en etiketan ageri den fabrikan alegia. Ordutik, eta jabe desberdinen eskuetatik pasa ondoren, kataluniako GRUPO DAMM taldea egin zen garagardo honen jabe, beraien esku hartuz garagardoaren ekoizpena.


Keler garagardo botila
Jatorria: Damm enpresa (Katalunia)

Hartzidura mota: Oineko hartzidura

Malta: Garagar malta erabiltzen da.

Lupulua: Nahiko garratztasun leuna ematen dio lupuluak.

Kolorea: Urre kolorekoa.

Alkohol edukia: % 6,5 bolumenean.



Lager nahiko indartsua, garagar malta usainak nabarmentzen direlarik, baina ez gehiegi, eta zereal txigortuen usain pixka bat ere. Nahiko karbonatatua dagoen garagardoa da, bukaera lehorra uzten duelarik. 6 ºC inguruan edatea gomendatzen da.

2011-10-25

SAILKAPENA: GARAGARDO KETUA (Rauchbier)

Madrilen dagoen garagardo berezien denda batean joan den ostiralean opari bezala jaso nuen garagardo estilo bati buruz hitz egingo dizuet gaur. Garagardo honen berezitasuna eta izena bera malta lehortzeko erabiltzen den prozesuari zor zaio. 1516. alemaniar purutasun legea jarraituz ekoizten da.

Garagardo ekoizleak malta erabili aurretik, malta honek lehorketa bat jasan ohi du  maltategian. Hau aire bero bat pasaz egiten da, baina garagardo mota honen kasuan, malta lehortzen duena (24-36 ordu bitartean) pago egurraren erreketan sortzen den kea da.


Garagardo estilo honetan bi azpiestilo aurki ditzakegu, Märzen eta Urbock. Beraien ezaugarriak zertxobait desberdinak direnez, bi egun desberdinetan ikusiko ditugu, eta Märzen azpiestiloarekin hasiko gara gaur:

Schlenkerlaren Märzen garagardo ketua
Hartzidura mota: Oineko hartzidura

Jatorrizko dentsitatea: 13,5 ºP

Malta: Pago egurraren erreketan sortutako kearekin lehortutako garagar malta.  

Kolorea: 50 EBC

Alkohol edukia: % 5,4.

Lupulua: 30 IBU-ko garratztasuna ematen dio lupuluak.


Babaria iparraldean dagoen Bamberg hiriko garagardo tipiko bat da. Malta ketuaren usaina oso nabaria da, lupuluarena ezkutatuz.

2011-10-24

HISTORIA (XI): XI. Mendea

1087. urtean Belgika eta Frantziako garagargo ekoizleen zaindari edo patroia jaio zen, San Arnaldo Soissonsgoa.

San Arnaldo Soissonsgoa
 Ustetan, gizon hau izan zen bere herritarrei errekako uraren ordez garagardoa edatea gomendatu ziena, eta hau dela eta heriotz ugari ekidin ziren, garai hartan erreka kutsatuta baitzegoen (inguruetako herrietako pertsona ugari hil zen errekako ur kutsatua edatearen ondorioz).


Aurreko atalean:
X. mendea

2011-10-20

1516. URTEKO ALEMANIAR PURUTASUN LEGEA

Gaur egun, nahiz eta ez gehiengoa izan, 1516. urteko alemaniar purutasun legea errespetatuz ekoizten diren garagardoak aurki ditzakegu. Lege honen arabera, garagardoa ekoizteko lau lehengai besterik ezin dira erabili (blog honetako logoan agertzen diren lehengaiak hain zuzen ere):


Baina, zer dela eta ezarri zen lege hau? XVI. mendean Alemaniako gargardogile eta okinak liskarka ibili ziren biek lehengai berbera erabiltzen baitzuten beraien ekoizpen prozesuetan: Garia.

Garai hartan zegoen gari ekoizpena nahikoa ez zenez, Babariako Herzog Wilhelm IV. erregeak garagardo ekoizleei garia erabiltzea debekatu zien, garagar malta izanik almidoi iturri bezala erabili zezaketen lehengai bakarra. 


XIX. mende hasieran baimendu zen berriz Alemanian gari maltaren erabilera garagardoa ekoizteko.

Lege honen arabera ekoizten diren garagardo alemaniarrek honako esaldi hau daramate idatzita: "Gebraut nach dem deutschen Reinheitsgebot" (Alemaniar purutasun legearen arabera ekoiztua).

2011-10-19

GARAGARDOAREKIN SUKALDEAN: Dip frantses ogitartekoa garagardoarekin

Dip frantsesa haragi gisatuarekin egiten den ogitarteko berezi bat da. Haragia su bajuan eta denbora luzez egiten da eta ogitarteko hau "Dip" edo saltsa batekin jan ohi da. Errezeta honetan ez da garagardoaren presentziarik nabari baina flabore oso atsegin bat ematen dio.

Zailtasuna: Oso erraza (baino denbora behar da)

Osagaiak (4 pertsonentzako):
- 800 gr. txahalki solomo haragi
- 100 gr. haragi salda
- Lata erdi bat "Campbells" etxearen kondentsatutako tipula salda edo norberak eginiko tipula salda
- 150 ml garagardo
- 4 ogi opil (labean egiteko edo iada eginak)
- Dip edo bustitzeko saltsa bat



Prestaketa:
Haragi salda, tipula salda, garagardoa eta txahalki haragia egosketa geldoko eltze batean jarriko ditugu eta 7 orduz su oso bajuan utziko dugu. Behin denbora hau pasata, haragia ogi opilen artean jarri eta nahi izan ezkero, gazta ere gehituko zaio.



Aurreko errezetak:
Garagardo bizkotxoa
Ganba albardatuak
Oilaskoa garagardoarekin
Krepak
Legatz solomoa garagardoarekin
Txahalki albondigak Franziskaner...
Perretxikoak

2011-10-18

BITXIKERIAK: Garagardoa eta pisua (Ikerketa baten ondorioak)

"Frio-ICTAN" ikerkuntza institutuak aurrera eraman zuen ikerketa batek*, neurrizko alkoholik gabeko eta alkoholdun garagardo kontsumoak ez duela gorputzaren pisua handitzen frogatu zuen. Horretaz gain, ez duela gorputzaren konposizioa aldatzen ere ikusi zen ikerketa berean.

Ikerketa hau bolondres talde batekin egin zen eta 10 aste iraun zituen. Denbora honetan zehar partaideek ez zuten beraien elikatzeko modua aldatu, aldatu zuten gauza bakarra, ikerlariek programatu zuten garagardo kontsumoa izan zen.

Lehenengo astean inork ez zuen garagardorik edan, baina aste horretatik aurrera, partaide bakoitza zegoen taldearen arabera, beraien dietan garagardo alkoholduna eta alkoholik gabekoa sartu zuten, ikerketaren diseinuaren arabera.

Pisuaren aldaketa, gantzaren masa indizea eta gorputzaren masa indizea aztertu zituzten. Horretaz gain, analisi dietetikoak eta burututako jarduera fisikoa ere hartu zuten kontutan.

Gerria, besoak eta aldakak neurtu zituzten eta ez zuten inolako tamaina aldaketarik somatu.

Hortaz, nahiz eta askok susmo hau aspalditik eduki, argi dago neurrizko garagardo kontsumoak ez duela zerikusirik gure pisu aldaketekin.


*Asociación entre el consumo moderado de cerveza tradicional y sin alcohol y la composición corporal
** Neurrizko garagardo kontsumoa: 2 edalontzi gizonezkoen kasuan eta 1 emakumezkoen kasuan

2011-10-17

GARAGARDOA OTORDUETAN: Arraultzak eta garagardoa

Behin baino gehiagotan jango zenuten arraultza frijituren bat garagardo baten laguntzaz seguraski. Ba ez da batere aukera txarra, gainera, gorringo gordina duen arraultza bat jateko garaian, garagardoa da edari alkoholdun gomendagarrienetakoa.



Arraultzaren gorringoak ahoa gantz geruza batekin inguratzen du eta dastapen-papilak estaltzen ditu. Hori dela eta, usain konplexuko edari batzuen zaporeak ongi bereiztea eragozten du, ardoarekin gertatzen den bezala.

Garagardo suabeekin ez da hau gertatzen ahoa garbitzen laguntzen baitute, edari honek dituen zaporeez gozatzeko aukera emanez.



Aurreko ataletan:

Behi eta idi haragia eta garagardoa
Entsaladak eta garagardoa
Janari japoniarra eta garagardoa

Arraina eta garagardoa

Txerri haragia eta garagardoa

Arkumea eta garagardoa

Garagardoa eta haragia

2011-10-14

BERRIAK: OKTOBERFEST IRUÑAN - Manneken Beer-en

Ongi irakurri duzue izenburua, Manneken Beer-eko Iker eta Eneko gazteek beraien Oktoberfest berezia antolatu dute. Irailak 30-ean eman zioten hasiera festa honi eta Urriaren 31rarte iraungo du.

Nahiz eta Manneken Beer-ek ez duen normalean garagardo alemaniarrekin lan egiten, gehienbat belgikako garagardoak eskaintzen baitituzte, Oktoberfest honetan Alemaniako garagardo oso interesgarriak daztatzeko aukera izango da.


    Botilan
Weihenstephaner garagardotegiaren Oktoberfesteko garagardoaren etiketa.
    Sion Kölsch
    Schneider
    Hackr Pschorr
    etab.


    Kañeroan
    Paulaner weissbier
    Paulaner Salvator
    Weihenstephaner Festbier
    Spaten Festbier


 Eta Oktoberfest batean garagardoa izan arren pertsonaia nagusia, janariak ere oso garrantzi handia du. Horregatik, bertako 8 saltxitxa desberdinekin egindako plater desberdinak prestatu dituzte.

    Saltxitxak
   Bockwurst, Bratwurst, Pikantwurst, Mettwurst, Cervela, super Frankfurt, etab.

Eta honetaz gain, opari ugari lortzeko aukera izango da.


Manneken Beer
Iñigo Arista Kaleko 9-an dago (Iturrama auzoan, IRUÑA)
Telefonoa: 948258104

2011-10-13

GARAGARDOTEGI LANTEGIAK: Boon

Iazko udan Bruselas ondoan bisitatu nuen Lambic garagardo fabrika bati buruz hitz egingo dut gaur. Boon garagardotegiak (ez izen honekin) 1680. urtean eman zituen bere lehen pausuak J.B.Claes jaunak baserri bat garagardo fabrika eta destileri batean bilakatu zuenean.

Garai honetatik aurrera esku desberdinetatik pasa zen garagardotegia, teknologia eta makinarian aldaketan jasanez. 1978. urtean erosi zuen fabrika gaur egun izena ematen dion garagardogileak, Frank Boon-ek


 1986. urtean, fabrika txiki geratu eta tokiz aldatu zuten, gaur egungo kokalekura, Lembeek herrira.

1.Boon fabrika 2.Iragazpen kupela 3.Hartzidura "ontzia" 4.Egurrezko heltze kupelak 5.Biltegiratze ontziak 6.Botilatzeko makina

Berezko hartziduraz ekoizturiko 7 garagardo desberdin ekoizten dira, 6 hilabete eta 3 urte bitartean egurrezko kupeletan helduz. Ez da urte osoan zehar ekoizten, urteko 6 hilabete hotzenetan baizik, hartziduran ez baita tenperatura kontrolik ematen. Erabiltzen dituzten lupuluak 3 urtez zahartuak izaten dira.

Hurrengo hauek dira ekoizten dituzten garagardoak: 

  - Oude Geuze Boon:  %100 Lambic garagardoa, 2 urtez igaroten ditu barrikan eta txanpain antzeko zaporea du.

- Geuze Mariage Parfait: %8 alkohol bolumenean.

- Faro Perte Totale: %50 lambic zaharra eta lambic gaztearen nahasketaz lortua, azukrea ere gehitzen zaio. 

- Kriek Boon: Atzo aurkeztu zen garagardo hau (egin klik hemen ikusteko). 

- Oude Kriek Boon: Aurrekoaren antzekoa baina kasu honetan Lambic zaharra erabiltzen da eta 300 gr. gerezi/litroko.

- Framboise Boon: Kriek Boon garagardoaren antzekoa baina gereziaren ordez mugurdia gehitzen zaio, 250 gr. litroko.

- Duivels Bier: Piku eta txokolate usainak dira nabariak garagardo mota honetan.

2005. urtean, garagardotegi honen ekoizpena 9400 Hl-takoa zen.

2011-10-12

BOON KRIEK (Gerezi zaporeko Lambic garagardoa)

Garagardo sailkapena atalean ikusi genuen azkeneko garagardo taldea Belgikako Lambic garagardoena izan zen. Hori aprobetxatuz, gaur talde honetako garagardo bat aurkeztuko da: Boon Kriek. Garagardo hau bihar ikusiko den Boon garagardotegiak ekoizten du, eta Kriek hitzak "gerezi" esanahia du Flandesko hizkuntzan.


Kriek Boon garagardo botila
  
Jatorria: Lembeek, Belgika.

Hartzidura mota: Berezko hartzidura (Ikusi hartzidura atala hemen klik eginez)

Malta: Garagar malta eta malteatu gabeko garia erabiltzen dira.

Lehengai bereziak: Gereziak (240 gr. litro bakoitzeko) eta azukrea ere gehitzen dira (Lambic garagardoek duten azidotasuna zertxobait neutralizatu nahian).

Lupulua: Ia garratztasunik gabeko garagardoa, erabiltzen diren lupuluak oso zaharrak eta oxidatuak baitira, eta garratztasuna ez baita lupulu gehiketarekin lortu nahi dena.

Kolorea: Gorri ilun kolorea.

Alkohol edukia: % 5 bolumenean.

Benetan berezia den garagardo bat da hau. Lambic gazte eta zaharren nahasketaz eta ondoren ematen den gerezi fruituen gehiketaz lortzen da garagardo mota hau. Gehitzen zaizkion gereziak direla eta, gerezi zapore nabaria du. Garagardoaren heltze prozesua egurrezko barriketan ematen da.

Garagardo honek Bruselasko Monde Selection lehiaketan urrezko domina irabazi zuen 2005. urtean.

2011-10-10

GARAGARDOA EKOIZTEN: Trub-aren banantzea

Behin muztioa egosi eta lupulua gehitu ondoren, egosketa honetan sortu den trub-a (proteinez, polifenolez, lipidoz etab. osaturiko zati txiki solidoak) banandu behar da, ahalik eta gardenena den muztio bat lortzeko asmoz.


Trub hau muztioaren egosketan sortzen da eta % 50-a proteinaz eta % 30-a polifenolez osatua dago, beste osagai batzuk ere izanik. Trub hau banantzeak muztioaren eta ondorengo garagardoarengan onurak ekarriko ditu.

Teknologia desberdinak daude trub hau banantzeko:
- Dekantazio naturala
- Zentrifugazioa
- Iragazpena
- Whirlpool bezala ezagutzen den makina

Whirlpool ontzia barnekaldetik.Erdikaldean muztio sarrera ikus daiteke.


Azkeneko hau da gehien hedatua dagoen teknologia. Ontzi itxi bat da, non muztioa tangentzialki sartzen den, eta sortzen diren indar zentrifugo eta zentripetoa dela eta, eta partikula hauen dentsitate txikiagoarengatik, ontziaren behekaldean eta erdialdean gelditzen da Trub-a.

2011-10-07

EDALONTZIAK (V): Willybecher edalontzia

Edalontzi mota hau garagardoa edateko Alemanian erabiltzen den edalontzi "estandar" bezala ezagutzen da. "Beergarten" izeneko terrazetan asko erabiltzen dena.
Argazkian ikusten den bezala, azpikalde estua du, gutxinaka goruntz pixka bat zabaltzen dena eta bukaeran berriz zertxobait estuturik. Bukaera honek aparra hobeto mantentzen laguntzen du.

Willybecher edalontzia

Edalontzi honetan edan ohi diren garagardo motak honakoak dira: Alemaniako Lager eta garagardo beltzak, Märzen, Oktoberfestbier garagardoa, Rauchbier, Pilsner, Maibock, Bock argia eta garagardo argiak.


 
Ikusi ditugun beste edalontzi batzuk:
Nonick Imperial pint edalontzia
Tulipa edalontzia
Pilsner edalontzia 
Garizko garagardo edalontzia

2011-10-04

TABERNAK: Huts taberna (Zumarraga, Gipuzkoa)

Iraila hasiera aldera oporretan nengoela, Beasainen egun batzuk pasa nituen eta koadrilako Albarezekin batera Zumarragako Huts tabernari bisitatxo bat egitea erabaki genuen. Ez genuen lehendabizikoan aurkitu taberna, biotako inork ez baitzekien oso garbi non zegoen, baino iritsi ginen.

Rober garagardo karta atzean duela
Bertako jabeak Rober du izena eta duela 16 urte ireki zuen taberna. Hasiera batean 40 garagardo desberdin eskaintzen zituen baino 2-3 urte beranduago iada kopuru hau 100 baino gehiago izatera iritsi zen.
 
Kokalekua: Bidezahar 1 (Zumarraga, Gipuzkoa)

Taberna oso atsegina da, Rock munduko abeslari ezagun desberdinen argazkiz betea. Bertan entzun daitekeen musika dekorazio honekin bat dator, 60-70 eta 80. hamarkadetako Rock-a nagusi izanik.

Garagardo eskaintzari dagokionez:

Kañeroan:


- Cruzcampo
- Paulaner (garizko garagardoa) 

Botilan: 
- 100 garagardo desberdin baino gehiagoko eskaintza dute.




Beste taberna batzuk:

Iruña,Nafarroan - MANNEKEN BEER

Madrilen - THE WALL

Beasainen, Gipuzkoan - XUBER PUB

2011-10-03

HISTORIA (X): X. Mendea

X. mendeari dagokionez, garai hartan garagardoarekin lotura zuten pare bat gauza azpimarragarri gertatu ziren Europan.

974. urtean adibidez, Otón II. enperadoreak Lieja hiriari garagardoa ekoizteko eskubidea eman zion.

Pixka bat iparralderago, eskandinaviar herrialdeetan iada oso harreman ona zuten garagardoarekin  eta Haakon erregeak, honako hau agindu zuen: "Gabonetako jaialdian, gonbidatu guztiei garagardoa egiten erakutsiko zaie eta festak bukatu arte iraungo du".



Aurreko atalean:
IX. mendea

2011-10-01

BERRIAK: Garagardo festa Donostiako Easo enparantzan

Ostegunean hasi zen eta Iganderarte ospatuko da Easo Plazan, C.D. Vasconiak antolatutako I. go garagardo festa.