2012-03-30

BERRIAK: "Lamia" bat jaio da Urduliz aldean

Etxeandia Garardauak-eko Jonek garagardo berri bat atera du, azaleko hartziduraz ekoizturikoa, eta "Lamia" da bere izena, internet bidez zaleek aukeratua.

Honela deskribatzen du berak "Lamia": 

"Garizko garagardoa da (%30 garia du). Lupulu gitxi erabiltzen dogu berau egiteko (20 IBU inguru). Usaina eta zapore berezia du zilandro, laranja eta erregalizari esker. %6 alkohol inguru du. Freskoa, arina, zitriko punttu batekin. Udan, beroarekin, gustora edateko".


Asteburu ona pasa! 

2012-03-28

GARAGARDOA EKOIZTEN: Heltzea

Heltze prozesua behin hartzidura eman ondoren hasten da, eta honetan baina askoz ere aktibitate gutxiagoa ematen da, non konplexuagoak diren karbohidratoen hartzidura osatzen den, beste erreakzio biokimiko batzuez gain. Helburua, "garagardo berde edo gazte" bezela ezagutzen denaren, ezaugarri organoleptikoen hobekuntza bat ematea da,  Azetaldehido, diazetilo eta azido sulfidriko kantitatea murriztuz, besteak beste.


Eman den hartzidura motaren arabera, hau da,  azalekoa edo oinekoa den, heltze prozesuak denbora gehiago edo gutxiago iraungo du hurrenez urren, eta baita nolabaiteko garagardoaren manipulazio desberdina. Hartzidura motaren arabera ere, heltze prozesuak helburu desberdinak izango ditu, beste egun batean sakonago azalduko den bezala. 

Teknologiaren arabera ere desberdina izango da heltze prozesua. Ontzi zilindrokonikoen kasuan, heltze prozesua hartzidura eman den ontzi berean izango da, baina hartzidura ontzi irikietan eman bada, heltze prozesua beste ontzi batzuetan emango da,  behin hartzidura bukatuta garagardoa ontziz aldatuz. 

2012-03-27

GARAGARDOAREKIN SUKALDEAN: Gosaltzeko ogi frijitua

Asteburuetan denbora dudanean asko gustatzen zait gosari luze bat egitea, kafea, laranja zukua, mermelada, ogia, gazta etab. luze batekin gainera... Larunbat edo ingande batean egiteko aproposa den errezeta bat dakarkit oraingoan, gosaltzeko ogi frijituarena.

Zailtasuna: Oso erreza

Osagaiak (2 pertsonentzat): 
         
   - Ogi txuria                                   - 2 arraultza gorringo
   - Garagardo edalontzi bat            - Esne epela (Edalontzi erdi bat)
   - 2 goilarakada azukre                 - Gurina (2 goilarakada)

Ogi frijitua

Prestaketa:

Ogia moztu, 4-6 xafla lortuz. Garagardoa eta azukrea nahastuko dugu eta ogi xaflak bertan jarriko ditugu 5 bat minutuz beratzen. Denbora hau pasa denean ogi zatiak atera eta plater batean jarri. Arraultza gorringoak nahastu esnearekin batera eta ogia bertan busti bi aldetatik. 

Gurina (edo olio pixka bat honen ordez) zartagi batean jarri berotzen eta ogia frijitu bi aldeetatik marroixka gelditu arte.

Hori da dena! Ea probatzeko aukerarik duzuen eta zer iruditzen zaizuen. Garagardoak zapore suabeago eta berezi bat ematen dio horrela frijitutako ogiari.



Aurreko errezetak:

2012-03-26

BITXIKERIAK: BIHARAMUNA EKIDITEKO AHOLKUTXOAK


Ostiralean biharamunaren inguruan aritu ginen, eta gaur, agindu bezala, hau ekiditeko jarraitu ditzakegun aholku batzuk partekatuko ditut zuekin. 
 
Lehenik eta behin, edaten hasi aurretik egin dezakegunari buruz arituko gara. Edari alkoholdunak edan baino lehen gorputza mineral, bitamina eta ur erreserbez betea edukitzea da hoberena. Hori lortzeko, 2 ordu lehenago gantz, azukre (fruktosa hoberena) eta C eta B bitaminak (bereziki B12) dituzten elikagaiak jatea ezin hobea izango litzateke: Eztia eta sagarra adibidez fruktosa asko duten elikagaiak dira, zitrikoek, piperrek, esneak eta Yogourt-ak “C bitamina” asko dute (ez ahaztu C bitamina gehien duten elikagaiak freskoak direla), haragiak, arrain urdinak, zereal integralak eta honen deribatuak (irina, gailetak, etab.), intxaurrak... B bitamina ugari dute. Mineral asko duten eta azkar asimilatzen diren edari isotonikoak edatea ere oso gomendagarria da.

Zitrikoak
Behin edaten hasi garenean, nahiz eta agian ez zaizuen hain erraza suertatuko, ona izaten da elektrolito eta gatz mineral asko dituen ura edatea garagardo eta garagardo artean, ur galera ekiditeko. Fruta jatea ere eskertuko du gure gorputzak. Nahiz eta jakina izan, alkohol mota desberdinak nahastea saihestu, hauen alkohol eta hartzidura azpiproduktuak desberdinak baitira, gorputzari hauen metabolizazioa zailtzen diena. Lotara joan aurretik, ur asko edatea eta eztia eta ogi txigortua jatea gomendatzen da, eztiak duen fruktosak alkohola azkarrago metabolizatzen lagunduko baitu eta ogiaren karbohidratoek sabelaren gehiegizko azidotasuna neutralizatzen laguntzen du eta. 


Eztia
Orain arte komentatu diren aholkuak jarraitzen badituzue, biharamunaren ondorioak asko murriztuko dituzue. Hala ere hurrengo egunean, gorputzean gera daitekeen alkohola kanporatzeko ona izaten da aire freskoa biriketara eramatea, paseo bat emanez adibidez. Izerdiak ere toxinak kanporatzen laguntzen du, dutxa oso bero batekin lortu dezakeguna besteak beste. Mineral asko duen edari isotoniko bat edatea, eta sodio, potasio, fruktosa eta bitamina asko dituzten (platano eta tomatea adib.) elikagai ugari ahoratzea ere ona da. Seguruaski jakingo duzuela, baina salda bero batek ere ikaragarri laguntzen duela gogorarazten dizuet.

Ba badakizue, hurrengoan lagunekin garagardoak edatera irtetzen zaretenean, bakoitzak biharamuna ekiditeko zerbait eraman, batek platanoak, besteak gazta, batenbatek yogurt-ak... ez litzateke ideia txarra izango ezta? ;-)

2012-03-23

BIHARAMUNA


Alkoholdun edari gehiegi edan dugunean, hurrengo egunean sentitzen dugun gaizkiegonaren arrazoia gorputzean sortzen diren hurrengo efektuei zor zaie:

Gorputzeko bitamina batzuen galera ematen da, alkohola metabolizatzean gorputzarentzat toxikoak diren sustantziak askatzen dira, antidiuretikoen suntsipena ematen da eta nerbio sisteman neuronak narritatzen dituzten goi mailako alkoholak biltzen dira. Pertsona desberdinengan desberdina da alkohol kopuru berberak sor ditzakeen ondorioak, alkohola metabolizatzeko gaitasuna berbera ez delako.

Gorputzak ez du behar dituen bitamina guztiak ekoizteko gaitasuna, horregatik, beharrezkoa izaten da hauek elikagaien bitartez lortzea. Garagardo edo alkoholdun edari gehiegi edan ezkero, bitaminen galera bat ematen da, gorputzaren funtzionamendu egoki bat emateko eta alkoholaren metabolismoaren prozesua emateko beharrezko direnak. B bitamina da konkretuki alkoholaren metabolismoan sortzen diren azpiproduktuak metabolitzearen arduraduna.

Alkoholdun edariak edatean gehiegi pixa egiten dela konturatuko zineten ezta? Ba honek gorputzaren funtzionamendu egoki baterako beharrezko diren mineralak galtzera garamatza, gorputzeko ur galera orokor bat ematen delarik ere.

Nerbio sisteman eragina duten goi mailako alkoholen inguruan ..... Garagardoan alkohol mota desberdinak aurki ditzakegula esan behar da. Bi karbono dituen alkoholari etanol esaten zaio eta bi karbono baino gehiago dituzten alkoholeei goi mailako alkohol izena ematen zaie (propanol, butanol...). Bigarren hauek dira gure gorputzean gaizki egon handiagoa sortzen duten alkohol motak. Hartzidura prozesua tenperatura altuagoetan eman ezkero, mota honetako alkohol gehiago sortuko dira. Azaleko hartziduraz ekoizturiko garagardoek adibidez goi mailako alkohol gehiago edukiko dituzte oineko hartzidurakoekin alderatuz. Arrazoi berbera dela eta, hartzidura tenperatura altuagoetan (prozesua azkartzekotan) egiten duten fabrikek ere, goi mailako alkohol gehiago edukiko dituzten garagardoak ekoizten dituzte.

Hauek dira beraz, biharamunak gorputzean sortzen digun gaizki egonaren arrazoiak. Hurrengo astelehenenan ere honen inguruan arituko gara, ondorio hauek gutxitu edo ekiditeko jarraitu ditzakegun aholkutxo batzuei buruz hitz egingo dugu eta. Baina badakizue, ondorio hauek pairatu nahi ez baduzue, arduraz edan!

2012-03-22

AKORDE ZAPOREA: GAUTXORIA - SU TA GAR

Tarte berri batekin natorkizue gaurkoan, idatziari pixka bat protagonismoa kendu eta beste zentzumen batzu estimulatzeko asmoarekin. Musikak garrantzi handia izan ohi du gure bizitzetan, edo hala da behintzat nere kasuan, horregatik, txoko bat eman nahi izan diot blog honetan.

Tarte honetan garagardoa aipatzen duten abestiak bilduko dira. Talde edo abeslari desberdinek zein momenturekin edo zein egoeratan izendatzen duten garagardoa ikusteko aukera izango dugularik. 

Hasiera batean euskarazko abestiak agertuko dira, baina aurrerago beste hizkuntzetako abestiak ere edukiko ditugu. 

Gaurko abestia: Gautxoria - Su Ta Gar

Diska: Sentimenak Jarraituz (1996)


Behin aipatzen da "Gagardoa" abesti honetan, lehengo parrafoan:

Etxetik irten naiz gaur ere.
Zeren bila? Ez dakit.
Norekin bukatuko dudan?
Ezin esan, ez du ere
garrantzirik.
Beti gertatzen zait berdina;
orduak joan ahala,
garagardoa esku batean
iluntasunak azkarregi du
aldegiten.

"Garagardoa" aipatzen den abesterik ezagutzen baduzu eta blogean agertzerik nahi izan ezkero, hurrengo posta elektronikoaren bidez jar zaitezke kontaktuan: 

garagardoahotsa@gmx.com

2012-03-21

GARAGARDOAK: Guinness Original

Duela bi aste Dry Stout garagardo mota aurkeztu zen eta gaurkoan garagardo mota berbereko marka konkretu bat dugu, Guinnes enpresaren Dry Stout garagardoa alegia (1820. urtea).

 
Jatorria: Guinness (Dublin, Irlanda)

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura

Jatorrizko dentsitatea: 11,5 ºP .

Malta: Garagar malta eta malteatu gabeko baina txigorturiko garagarra (10%)
 
Lupulua: 40-50 IBU inguruko garratztasuna, garagardo nahiko garratza egiten duena.

Kolorea: Beltza.

Alkohol edukia: % 4,2 bolumenean.


Txokolate, karamelu eta kafearen arteko nahasketa bat nabari daiteke zaporean, malta txigortuari eta malteatu gabeko garagar txigortuari zor zaiona. Ez zaio lupuluaren usain edo zaporerik nabaritzen, baina bai ordea lupuluak ematen dion garratztasun altua. Nitrogeno gasez ateratzen denez (karbono dioxidoaren ordez), apar oso dentsoa eta burbuila txikikoa sortzen da. Oso gorputz handia duen garagardo bat da.

2012-03-20

GARAGARDOA DESKRIBATZEN: Karbonatazioa

Garagardoak duen karbonatazioa ahoko sentsazioa deskribatzean aztertu daitekeen ezaugarrietako bat da, "pikante" sentsazioarekin erlazionatuta dagoena. 

Karbonatazioak garagardoak duen CO2 kopuruari buruzko informazioa ematen digu, hau handitzean, ahoan sortzen den "pikante" sentsazioa handitzen delarik. CO2 hau garagardo ekoizpen prozesuko hartziduran sortzen da, legamiak muztioaren azukreak alkohol eta CO2-an transformatzen dituenean hain zuzen ere.

Garagardo enpresaren lan egiteko moduaren arabera, gehienetan CO2 hau heltze ontzietan sortutakoa, botilan azukrea gehituz eginiko hartziduraz sortutakoa edo linean botilatu aurretik gehitutako kanpoko CO2-a izan daiteke.

Garagardo estilo desberdinek karbonatazio maila desberdinak izaten dituzte. Era berean, garagardo fabrika industrialek, karbonatazio mala desberdina ezartzen dute lata, botila edo grifoko garagardoa den arabera.

Garagardoak duen CO2 kopurua mantentzeko duen gaitasuna, tenperatura eta presioaren baitan dago, tenperatura jeisteak eta presioa igotzeak gaitasun hau handitzen duelarik eta alderantziz.

Hona hemen garagardo mota desberdin batzuen CO2 kopurua (Bolumenean):

   -  Ingalaterrako Bitter-ak= 0,75 - 1,3
  -  Ingalaterrako Pale Ale =  1,3 - 2,3
-  Dry Stout =                       1,6 - 2
   -  Pilsner =                           2,3 - 2,5
     -  Garizko alemaniarrak =   3,6 - 4,48
     -  Pale Ale =                          1,5 -  2,3

2012-03-16

ZERGATIK EDATEN DA GARAGARDO BERDEA SAINT PATRICK EGUNEAN?

Bihar St. Patrick eguna ospatuko da gure inguruko "Pub" Irlandar askotan, eta Irlandan baita noski! Baina, zer dela eta ospatzen da egun hau? Eta zergatik edaten da garagardo berdea? Hasieratik hasiko gara:

St. Patrick eguna Martxoak 17an (San Patrick hil zen data) ospatzen den festa egun bat da, festa egun erlijioso eta kultural bat hain zuzen ere, kristautasuna Irlandara iritsi izana ospatzen duena.

San Patrick IV. mendean jaio omen zen erromatarrek kontrolpean zuten Britainiako zatian eta bere hitzetan, 16 urte zituela Irlandar erasotzaile batzuk bahitu eta Irlandara eraman zuten, morroi bezala lan egitera. Baita bere hitzetan, amets batean Jainkoak kostara joateko esan omen zion, eta bertatik itsasontzi batean Britainara bueltatuko zen. Bertan denbora bat pasa ondoren, 432. urtean Jaikoaren beste "mezu" bati kaso eginez, Irlandara bueltatu zen bertako fedegabeak kristautzeko asmoarekin. 

Nahiz eta hasieran San Patrick kolore urdinaz erlazionatuta egon zen, denbora pasa ahala (XVII. mende hasieran) kolore berdea gainontzen hasi zen egun honen ospakizunetan, hirusten erabilera zela eta gehienbat, landare hau erabili baitzuen berak irlandar fedegabeei kristautasun doktrina irakasteko.

Horregatik, gaur egun Irlandarrek festa nazional bezala ospatzen duten honetan, arropa, txapel eta GARAGARDO BERDEA ikusi daiteke nonahi.

Garagardo hau, normalean edaten den garagardo argi bat da, desberdintasun bakarra, garagado hau berdea izateko janari koloratzaile berde bat gehitu zaiola da.  



Irlandar historiaren zatitxo bat eta bereziki egun honi buruz gehiegi irakurri duzula irudituko zaizu agian garagardoa zergatik den eta edaten duten berdea jakiteko... :-) 

Asteburu ona pasa!




2012-03-14

TABERNAK: L'Europe (Madril)

Madrilen dagoen beste taberna bat aurkeztuko dizuet, L'Europe, "Bilbao" metro geltokitik gertu dagoen taberna bat da, Madril pixka bat ezagutzen duzuenok agian ezagutuko duzue zonalde hau. Pare bat aldiz egon naiz bertan (ez gehiagotan ez baita nik askotan bisitatzen dudan auzo bat), eta garagardozale askori gustatuko zaion toki bat da, garagardo aukera zabala eta anitza baitu! 

Kokalekua: Cardenal Cisneros Kalea 19 (Madril)

Ordutegia: 18:00- Itxi arte

Garagardoaren munduaren inguruko dekorazioa duen taberna luzexka bat da, marka desberdinen iragarkiak ikusi daitezkeelarik.


                 



Aurki ditzakegun garagardoak honakoak dira:

Kañeroan:

- Stella Artois (Horia)         - Tetley's
- Leffe (Horia)                     - Hoegarden (Belgikako garizkoa)
- Leffe ("Tostatua")              - Franziskaner (Garizkoa)
- Leffe (Beltza)                     - La Trappe
 
Botilan: 


- Ia 100 garagardo desberdin inguru dituzte: Alemania, Belgika, Ingalaterra, E.E.B.B, Txekiar Errepublika, Dinamarka... herrialdeetako garagardo marka eta mota desberdinak. 



Janaria: 
Menu desberdinak daude aukeran, Alemaniar janari tipikoa (ukondoa, saltxitxak etab.), entsalada desberdinak, hanburgesak, kroketak, etab.


Beste taberna batzuk:
Gares, Nafarroan - BAR VERY
Bruselas, Belgikan - DELIRIUM CAFÉ

Iruña,Nafarroan - MANNEKEN BEER

Madrilen - THE WALL

Beasainen, Gipuzkoan - XUBER PUB




2012-03-13

HITZETAN: Victoria Erreginak esandakoa


 "Eman herriari garagardo asko, eta hau merkea eta ona izan dadila, eta herriak inoiz ez du iraultzarik egingo"


Victoria Erregina, Erresuma Batua

2012-03-12

EDALONTZIAK (IX): Pitxarra

Pitxarra Euskal Herrian antolatzen diren garagardo festa askotan ikusia izango duzue zueteko gehienek. Alemanian, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan edalontzi klasiko bat da. 


Edalontzi haundia da, tamaina desberdinak aurki daitezkeelarik, elutxaz betea dago eta helduleku bat du. Goiko aldea behekoa baina zabalagoa da (usainak irtetzen laguntzen du) eta eduki asko gordetzeko aukera ematen du.

Nahiz eta garagardo mota desberdin ugari edateko egokia izan, gehienbat Ameriketako, Erresuma Batuko eta Alemaniako Lager garagardoak edateko erabiltzen da.



Ikusi ditugun beste edalontzi batzuk:

2012-03-08

BITXIKERIAK: Garagardoaren bitartez digestioa estimulatzen da

Garagardoa edateak digestioan eragina du, hau nolabait estimulatu edo azkartuz. Garagardoaren alkohola eta askatzen den CO2a dira honen arrazoia, 2 produktu hauek digestioaz arduratzen diren enzimak estimulatzen baitituzte. 




Gainera, garagardoaren zaporeak apetituan ere badu eragina, garagardo gehiago kontsumitzeko gogoa ematen duelarik.


Argazkia: By Laura Laing (www.chiroeco.com)

2012-03-07

BERRIAK: Nola salbatu duen mundua garagardoak

Garagardoak gure gizartean duen eta izan duen garrantziaz jabetu ez bazara oraindik, Discovery Channel-ek egin duen "How beer saved the world" dokumentala ikustea gomendatzen dizuet. Ingelesez dago, baina hurrengo lerroetan bideoan komentatzen dituzten esaldi garrantzitsuenetakoak irakur ditzakezue euskeraz:



Bideoan esandakoak:


  - K.A 9000. urte inguruan nekazaritzaren iraultza hasi zen Mesopotamian, garagarra izanik iraultza hau hastearen arrazoia. Orain arte adituek garagarra ogia egiteko landatzen hasi zirela uste zuten, baina oraingo teoria berri batek garagardoa egiteko landatzen hasi zirela dio (Patrick Hayes Doktorea eta Patrick McGovernek teoria hau baieztatzen dute). Bigarrenak garagardo aztarnak aurkitu zituen pitxar batean, ogia egiten ikasi zen data baino 3000 urte lehenagokoak. 

      • Edari horren “efektu intoxikatzaileak” izan ziren garagarra landatzen jarraitzeko arrazoia” Patrick Hayes.

      • Garagardoa ekoizteko landatzen zen garagarraren uzta errazago lantzeko gaur egun oraindik erabiltzen den teknologia ugari sortu zen (goldea, gurpildun ibilgailuak uzta eramateko...) P.H. Doktorea.

      • Garagardo gehiago -> soro gehiago -> matematiken sorrera. "Garagarren lursailen arteko mugak kalkulatzeko matematikak erabiltzen hasi ziren" Gregg Smith Doktorea.

      • "Matematika eta kalkulua garagardoarengatik sortu zirela esan daiteke" Gregg Smith Doktorea.

      • "Idazkera sortzearen arrazoia garagardoa bezalako produktuen ekoizpena eta distribuzioa grabatzearen beharra izan zen" Stephen Tenney Doktorea.

      • Egiptoko piramideak lehengai ezkutu bat dela eta eraiki ziren, garagardoa alegia. 

      • Egipton piramideak eraikitzean langileei garagardoaz “ordaintzen” zieten (4 litro garagardo lan egindako egun bakoitzeko).

      • Garagardoa elikagai basiko eta funtsezko bat zen Egipton.

      • Egipton garai hartan bizitako pertsona baten hezurretan “Tetraziklina” aurkitu berri dute (1948. urterarte ofizialki deskubritu ez zen antibiotiko bat da), garai hartako garagardo errezeten bidez barneratua, eta biztanleak gaixotasun batzuetatik babesten zituena.

      • “Garagardoak Erdi Aroko milaka pertsonaren biziak salbatu zituen, hau ekoiztean ematen den prozesuaren bitartez urak zituen mikoorganismo eta bakteriak akabatu, eta pertsonak gaixotzea ekiditzen baitzuen” Bamforth Doktorea. 

      • Estatu Batuetara egiten ziren bidai luzeetan, ura kutsatu egiten zen eta garagardoa edaten zuten, alkohol eta lupuluak babesten baitzuen.

      • Pasteur-ek bakteriak identifikatu zituen lehen aldiz, garagardoa zergatik jar zitekeen gaizki jakin nahirik zebilela. Honen ondorioz, bakteriek garagardoa “gaixotu” zezaketela ikusteak, pertsonengan ere eragin berbera izango ote zuen galdetu zion bere buruari, “germenen teoria”-ren oinarri izanik, eta gizarte osoaren etorkizuna aldatuz. Medikuntza modernoaren oinarria da teoria hau!

      • Asmatu zen lehenengo hozkailu komertziala 1881. urtean asmatu zuen Carl Von Linde-k garagardo sektorearentzat (pentsa zenbat sektorerentzat den garrantzitsua hotza: medikuntza, elikagai enpresak...)

2012-03-06

SAILKAPENA: DRY STOUT

Irlandar estiloko Dry Stout motako garagardoak azaleko hartziduraz ekoizturiko garagardo beltzak dira, Schwarzbier estiloko garagardoak ez bezala, hauek oineko hartziduraz ekoizten baitira.


Irlandako Porter garagardoen garapen bat da Stout estiloko garagardoa. Porter garagardoa gero eta fuerteagoa egiten zen ahala, "Stout Porter" bezala izendatzen hasi zen. Stout izenak "gorputz handia" esan nahi du, garagardoaren gorputz handiagoarekin erlazionatzen zena. Zenbat eta indartsuagoa egin Porter-a, "Extra Stout Porter", "Imperial Stout" etab. bezala ezagutzen ziren garagardoak.

XIX. mendearen erdialdera Irlandako edari nazionala bilakatu zen eta ekoizle askok "Porter" hitza kendu zioten.
Murphy's Stout

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura.

Jatorrizko dentsitatea:  9,5 -12 ºP

Malta: Garagar malta argiak eta %10-20 malta ilunak edo karamelu maltak, kolore asko ematen diotena garagardoari. Malteatu gabeko garagar txigortua ere erabiltzen da batzutan (Guinnes-en kasuan bezala adibidez).

Kolorea: > 80 EBC , beltzak.

Alkohol edukia: % 3,8 - 5 bolumenean.

Lupulua: 40 IBU inguruko garratztasuna. Nahiko garratzak egiten dituena.

Dry Stout garagardo batetan malta eta karamelu flabore leun bat nabari daiteke hasieran. Erabili den garagar txigortua dela eta, izaera lehor-txigortu bat du. Ez da ia lupuluaren usainik nabari, kafe, txokolate eta malta txigortuaren usainak izanik nabarienak. Gorputz ertaina du eta bere apar egonkor eta kremotsua da garagardo honen ezaugarri bereizgarrietako bat. Nitrogenoa erabili ohi da askotan garagardo hauek kañeroetan zerbitzatzean, aparrari kremotsu ezaugarria ematen diona sortzen dituen burbuila txikiagoengatik.

Guinness da estilo honetako garagardo gehien saltzen dituen enpresa, zeinek 19 bertsio desberdin egiten ditu, garagardoa salduko den herrialdearen arabera.

2012-03-05

HISTORIA: XV. mendea

1422. urtean eratu ziren Europa iparraldeko herrialdeetan egoitza propioa zuten lehenengo garagardogileen sindikatuak.

Garai honetan Alemania iada "per capita" kontsumo altuena zuten herrialdeen artean zegoen. Martin Luther erreformistak honakoa idatzi omen zuen: "Alemania osoa dago mozkorkeriaz deabrututa; honen aurka predikatzen dugu baina gutxi aurreratzen da. Gaiztakeriak bere sustraiak oso sakonak ditu. Herrialde bakoitzak bere aingeru bihurria du eta deabru alemaniarra edaria da".

Martin Luther
Bitxia bada ere, 1525. urtean Luther Catalina de Bora izeneko emakume batekin ezkondu zen, nor bere konbentuan garagardo ekoizle bezala aritzen zen lanean. 



Argazkia:  Scan by Carol Gerten-Jackson

2012-03-02

LASTER ARTE GOIERRI IRRATIA

Ez du garagardoarekin zerikusirik gaur dakarkizuedanak, baina Garagardo Ahotsa blogarekin bai ordea. Ikusi Irratia saioan komentatu genuen bezala, Goierri Irratiko "Egunon goierri" saioa izan da blog hau sortzearen inspirazio iturri, eta baita ahotsa eta musika blog hau idazten egon naizen askotan. 

Horregatik, eta zoritxarrez, 4 urtez lanean jardun ostean, oraingoz Goierri Irratiak bere programazioa etengo duenez, egin duten azken saio berezia duzue hemen: 



Aldaketak aukera berriak direlako, eta jarri dituzuen hazi asko iada erein eta landare bilakatu direnez, mila esker eta LASTER ARTE!